cropped-verdea.png

SEHEN Hazkuntza eta Hezkuntza Elkartea

Hezkuntza, jaiotzen garen unetik hasten da, are gehiago, 0-6 urte bitarteko esperientziek etorkizuneko heldua baldintzatuko dute neurri handi batean. Orduan, zergatik ez hortik hasi?

NORTZUK GARA?

SEHEN Hazkuntza eta Hezkuntza Elkartea 2022ko udaberrian sorturiko Plentziako elkartea da. Zenbait urtez ernaltzen egon den hazi baten lehen lora.

Hasiera batean, hezkuntza sistemaren gabezia bati erantzuteko jaio ginen. Elkarte honen sortzaileok 20 urteko esperientzia dugu hezkuntzan eta paradigma aldaketa beharrezkoa zela argi ikusten genuen: umeen garapen integrala eta naturalean oinarrituko zen eskola genuen iparrorratz.

Gure inguruan azken urteotan jaio diren “eskola libreen” kopurua kontuan izanda, jakin bagenekien balio erantsia edukiko zuen proiektua eraiki behar genuela: hizkuntza eta Eusko Jaurlaritzako homologazioa ezinbestekoak ziren guretzat. Hizkuntzaren (Euskara) erronkak ez zeukan zailtasunik guretzat. Homologazioa ordea, gaian sakontzen genuen heinean, are eta zailagoa iruditzen zitzaigun, bai ekonomikoki baita gure egoera pertsonalarekin uztartze aldera ere.

Bigarren puntu hau ezinbestekotzat jo genuen. Alde batetik, familien kuotak arrazoizkoak izan zitezen; eta bestalde, proiektua osatzen genuen pertsonon soldatak ahalik eta duinen izatea nahi genuelako.

Anbizio handiko proiektua zela ohartaraziz, homologazioaren bidea nolabait itxi genuen eta hasierako “formato” hari forma berri bat eman genion.

Hezkuntza, jaiotzen garen unetik hasten da, are gehiago, 0-6 urte bitarteko esperientziek etorkizuneko heldua baldintzatuko dute neurri handi batean. Orduan, zergatik ez hortik hasi?

Erronka honi heltzea errazagoa egiten zitzaigun. Oinarriak ondo jar genitzake, pausoz pauso, gauza txikietatik akaso handiagoetara eta hori da gaur egun SEHENetik planteatzen duguna: haurdunalditik jaioberrien lehengo etapetara emakume eta umeen bidelagun izan nahi dugu.

Alde batetik, emakumeok askotan amatasuna estreinatu berri dugunean sentitzen dugun bakardadea baretu eta euskarri izan nahiko genuke, haurdunalditik hasierako hilabeteetara. Bestetik, gure esperientzia oinarri izanda eta alde teorikoa eta zientifikoa ahaztu gabe, gure ezagutza emakumeon eskura jarri nahiko genuke tailer eta eztabaida irekien bidez. Espazio hori eskaini nahi genieke gurera hurbildu nahi duten emakume guztiei, emakume-amak ahaldunduz.

Nahiz eta orokorrean amak protagonistak izan jaioberriek horrela markatzen dutelako bere lehenbiziko urteetan, bikote (egongo balitz) eta familiarentzat ere espazio bat zabaldu nahiko genuke elkargune bat sustatuz.

HELBURUAK

OROKORRAK:

Hazkuntza prozesuan ematen diren ardurak, desirak, nahiak, beharrak, beldurrak eta zalantzak “argitu”, ulertu eta partekatuko duen komunitate bat osatzea pertsona ahaldunak sustatuz.

ESPEZIFIKOAK:

Haurdunaldian, erditzean, erdiondoan eta jaioberriaren lehenengo
hilabeteetan emakumeon bidelagun izatea, ezagutzan
oinarrituriko tailerren bidez baita partaidetza sustatuko duten
eztabaida espazioak sortuz ere.

Haurrek etapa ezberdinetan dituzten beharrak azalaraztea ume
bakoitza apartekoa dela ohartaraziz eta bakoitzaren garapen
propioa errespetatuko duen hazkuntza “bidea” ulertaraztea
honetarako tresna emozional eta kognitiboak eskainiz.